Metodologia

Hezkuntza-berrikuntzaren, hezkuntza pertsonalizatuaren eta hizkuntzen aldeko apustua egiten dugu. Ikaskuntza errazten duten eta mota guztietako ikasleei egokitzen laguntzen diguten metodologia aktiboak erabiltzen ditugu.

Ikaskuntza esanguratsua bultzatzen dugu, ikasleei beren ezagutza propioa eraikitzeko aukera ematen diena.

Haien aurretiazko ezagutzetatik abiatzen gara, eta informazio berria lehendik dauzkaten ezagutzekin lotzeko prozesuan lagunduko dieten esperientziak eta jarduerak lantzen ditugu.

Bi urteko gelatik hasten gara hizkuntzak geureganatzeko prozesuak eta proiektukako lana sustatzen.

Xake-saioak sartu ditugu, kontzentratzeko gaitasuna, pentsamendu estrategikoa, dibertsioa eta lankidetza sustatzen baitituzte. Gainera, Loris Malaguzziren filosofian eta Reggio Emiliako bere eskola italiarretan oinarritutako «atelier» bat daukagu, gure ikasleek beren sormena garatzeko.

Hemendik gutxira, psikomotrizitate-gela berri bat izango dugu, esperimentaziorako leku bat izango duena: «snoezelen».

Espazio horrek txikienen zentzumenak modu dibertigarrian estimulatuko ditu, soinu-, usain- eta argi-efektuen bidez, adin goiztiarretatik esperimentatzera bultzatzeko eta garunean konexio berriak aktibatzeko.

Etapa honetan, helburu nagusia ikasleari ikasketa- eta antolamendu-tresnak eta bere etorkizun akademiko eta pertsonalerako beharrezkoak dituen ohiturak eta balioak ematea da.

Proiektukako lana eta eskola magistralak uztartzen ditugu, pentsamendu-trebetasunak eta lankidetza-teknikak txertatuz.

Ikaslea bera bihurtzen dugu bere ikaskuntzaren protagonista, eta aukera ematen diogu erronkei aurre egiteko, arazoak konpontzeko eta ikaskideekin ingurune autonomo baina antolatu batean lan egiteko, proiektu osoan zehar aholkuak emango dizkioten eta ebaluatu egingo duten irakasleen begiradapean.

Gure irakasleak gidari eta laguntzaile dira eguneroko ikaskuntzan: zeregin eta ekintza bakoitzean, esfortzuaren, erantzukizunaren, ekimenaren eta autonomiaren garrantzia azpimarratzen dute, eta familiarekin harremanetan eta koordinatuta aritzen dira etengabe.

Irakasgai guztietan lantzen ditugu irakurmena, mintzamena, idazmena eta IKTak. 5. mailan robotika-saioak sartu ditugu, diziplinarteko irakaskuntza gisa. Zientzien, Teknologiaren, Ingeniaritzaren eta Matematikaren arloak (STEAM) lantzen ditugu, baita sormena ere.

Etapa honetako lehen maila aldaketa handia izan ohi da ikasleentzat, askoz ere irakasgai eta irakasle gehiago izaten baitituzte. Bai trantsizio-urte horretan eta bai hurrengoetan, hainbat metodologia erabiltzen ditugu, proiektuak lankidetzan eginez eta banakako nahiz taldeko lana baloratuz. Ikasleek, ikaskuntzaren protagonistek, bidelagun izaten dute irakaslea, prozesu osoan gidari jardungo baitu eta behar duten feedbacka emango baitie beren indarguneak zein diren jakiteko, ahultasunak detektatzeko eta akatsak ikasteko aukera gisa baloratzeko.

Inklusio-printzipioak gidatuta, hezkuntza ulerkor eta pertsonalizatua sustatzen dugu, ekitatearen, elkartasunaren eta aukera-berdintasunaren balioetan oinarritua, eta betiere gaitasunak eskuratzeari emanez lehentasuna, laguntza pedagogikoan gure ikasleen gaitasunetara egokitzeko moduak bilatuz.

Ikasle bakoitzak ordenagailu eramangarri bat izaten du, ikastetxeko wifirako konexioarekin, eta egunero erabiltzen du liburu digitaletan eta hezkuntza-plataformetan sartzeko, lanak online egiteko edo aplikazioen bidez beren proiektuak sortzeko. Heteroebaluazioari autoebaluazioa eta baterako ebaluazioa gehitzen zaizkio, ikasle bakoitzak bere ikaskuntza-prozesuari buruz hausnarketa egiteko aukera izan dezan eta ikaskideena baloratzean bere sen kritikoa gara dezan.

Hezkuntza-etapa honetan, ikasleek beren ibilbide akademikoari buruzko erabakiak hartu beharko dituzte, ikasgaiak beren gaitasunen eta interesen arabera aukeratuz. Atal honetan, nabarmentzekoa da hala tutoreen nola Orientazio Sailaren lana, tratu pertsonalizatuaren eta banakako elkarrizketen bidez laguntza eta gidaritza ematen baitizkiete neska-mutilei eta haien familiei, beren ikasketei buruzko erabakiak hartzeko orduan.

Derrigorrezko hezkuntzaren osteko bi ikasturteko etapa honetan, gure ikasleek goi-mailako ikasketak egiteko beharrezkoak diren gaitasunak eskuratzea da helburua, dela goi-mailako heziketa-zikloak edo unibertsitate-graduak egiteko, dela, hala badagokio, lan-merkatuan sartzeko.

Ikasleak izanik euren ikaskuntzaren protagonistak, guretzat funtsezkoa da ikasleek eskoletan modu aktiboan parte hartzea, autonomia eta beren buruarekiko konfiantza eskura ditzaten eta jardueretarako ekimena eta ikasteko motibazioa ager ditzaten. Hori guztia errazteko, proiektukako lana, lan kooperatiboa eta metodologiarik tradizionalenak txandakatzen ditugu, ikasleek beren sen kritikoa, adimen- eta giza heldutasuna eta gizarte-trebetasunak garatu ahal izan ditzaten, bizitza aktiboa erabat gauzatzeko. Eta, betiere, ikasgelako aniztasuna kontuan hartuta, bakoitzaren premia pedagogikoei behar bezala erantzun ahal izateko.

Etapa hau amaitu aurretik, gainera, goi-mailako zein ikasketa aukeratu erabaki beharko dute ikasleek, beren lehentasunak eta gaitasunak aintzat hartuta, eta betiere tutoreen eta Orientazio Sailaren aholkularitzarekin.

Gaur egun, gure ikastetxeak Zientzien Batxilergoa (Zientifikoa eta Teknologikoa) eta Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa eskaintzen ditu, A ereduan.

To top