Historia
AITA SIMÓN LÓPEZ SANZ (1902-1980)
Jesus Obreroren Misiolari Sekularren (MSJO) institutuaren fundatzailea (1955).
Aita Simónek buru-bihotz eman zuen bere bizitza ebanjelizazio-eginkizunean eta ontasun osoz jardun zuen apaizgintzan. Kristoren karitateak bultzatu zuen une oro bere ekintza apostolikoa. Hain zuzen ere Kristoren karitatearen eraginez, batik bat behartsuenei begira jardun zuen, herritarren alderdi materialez eta espiritualez arduratu zen, gidari espiritual ona izan zen harengana hurbildu zen ororentzat, eta garai hartan ausartak ziren konponbide sortzaileak eskaini zituen hiriaren eta biztanleen beharrei erantzuteko.
Aita Simón bere gaitasun intelektualengatik nabarmendu zen eta hainbat doktorego lortu zituen, baina, hasiera-hasieratik, apalenen eta behartsuenen aldeko hautua egin zuen ministerio pastoralean. Apaiztu eta hogei urtera, Barakaldoko San Jose elizako erretore izendatu zuten. Udalerri hartan, bertatik bertara ezagutu zuen langile-mundua; hala beharginen gabezia material eta espiritualak, nola bertuteak: eskuzabaltasuna, lanerako kemena eta sakrifizioa, besteak beste. Harrezkero, ahulenen zerbitzura jarri zuen bere bizitza.
Garai berriak zetozela ikusirik, mundua etengabe aldatzen eta sekularizatzen ari zela, laikoek balio erabakigarria zutela ohartu zen. Horregatik, sekularrei lagun egin zien bide espiritualean, eguneroko bizitzan indar ebanjelizatzaile izan zitezen. Horrez gain, behartsuenen premien jakitun izanik, Jesus Obreroren Misiolarien Institutu Sekularra sortu zuen, haiek ebanjelizatzeko asmoz.
Berritzailea izan zen Ebanjelioaren mezua garai berrietara egokitzeko eginkizunean –lan-giroetan batik bat–, eta ahalegin berezia egin zuen Ebanjelioaren Berri Ona herritarrei orduko bitarteko modernoenen bidez helarazteko: irrati, prentsa eta zinemaren bidez, alegia.
Hainbesteko ardurek azkenerako ahuldu egin zuten bere bihotza, eta 1980an bihotzekoak jota hil zen.
JESUS OBREROREN MISIOLARI SEKULARRAK
Jesus Obreroren Misiolari Sekularrak (MSJO) aita Simón López Sanzek sortutako institutu bat da, Zorionbideen indarra lagun mundua barrutik eraldatzeko xedea duena. Fundatzailearen karisma leloan bertan dator adierazita: «Kristoren karitateak behartsuenak ebanjelizatzea eskatzen digu», behartasuna bere dimentsio guztietan ulertuta; hots, materiala, espirituala edo intelektuala.
Gure La Inmaculada ikastetxeak 1955ean zabaldu zituen ateak Barakaldon, beren bizitza eta lana irakaskuntzara bideratzea erabaki zuten misiolariei esker.
Hainbat hamarkadatan zehar, barakaldar ugari izan dira bertako ikasle, eta balio ebanjelikoak, giza balioak eta kalitatezko irakaskuntza uztartzen dituen hezkuntza jaso dute.
Hala misiolariak nola ikastetxea funtsezkoak eta eredugarriak izan dira Barakaldoko gizartean.